fbpx

Penintsulako iparraldekoa bazara, ziur Eguzki-lore bat ikusi edo horren inguruan aditu duzula, baina, badakizu benetan zer den?

Eguzki-lorea Carlina acanthifolia gisa ezagutzen da ere, eta ez, ez du ekiloreekin zerikusirik, antza izan arren. Gure inguruko mendietan basati hazten den kardua da eta jatorri mitologikoa duela uste da. Bere historiari buruz gehiago jakin nahi?

Orain dela milaka urte, Lurrean bizitza hasi zenean, ez zegoen ez Eguzkirik ez Ilargirik.
Gizonak eta emakumeak ilunpetan bizi ziren denak, lurraren erraietatik ateratzen ziren mamuek izuturik.
Gizakiek Lurrari laguntza eskatzea deliberatu zuten.

-Amalur, lur ama-erregutu zioten-, arren eskatzen dizugu, babes gaitzazu hondatu behar gaituzten arriskuetatik.
-Laguntzeko eskatzen didazue, seme alaba nireak-esan zien-, eta lagunduko dizuet. Izaki argitsu bat sortuko dut, eta ilargi deituko diozue.
Eta Lurrak Ilargia sortu zuen.

Hasieran izu-izuturik zeuden horrekin gizakiak, eta beren haitzuloetan gordeta, hartik irteten ausartzen ez zirela, baina berehala ohitu ziren haren argitan ibiltzen.
Berriro joan zitzaizkion gizakiak lurrari erreguka.

-Amalur- esan zioten-, esker guztiak ematen dizkizugu Ilargi amandrea eman diguzulako, baina zerbait indartsuagoaren beharra dugu, lurpeko jeinuak ari batzaizkigu oraindik.
-Ongi da-erantzun zien Lurrak, Ilargiak baino ere argi gehiago duen izaki bat sortuko dut. Eguzki deituko diozue. Eguzkiak eguna egingo du, eta Ilargiak gaua.
Hain argia eta hain beroa Eguzkia, non pozgarria izan zen benetan hura, zeren hari esker landareak eta zuhaitzak hazten hasi baitziren.

Mamuek eta sorginek ezin izan zuten, ordea, egunaren argitasunera ohitu, eta harrezkero gauez baizik ez dira ateratzen.
Berriro joan ziren gizakiak Lurrarengana.

-Amalur-esan zioten-,pozik gaude eta esker onez ama Ilargia eta ama Eguzkia eman diguzulako, baina beste zerbait behar dugu oraindik, zeren, nahiz eta egunez den bitartean arazorik izan ez, gaua datorrenean, mamuak beren leizeetatik ateratzen dira eta erasoka hasten baitzaizkigu.
Lurrak abegi honez entzun zituen honetan ere gizakien eskariak.
-Ongi da. Berriro lagunduko dizuet, baina hau izango da azkena. Lore bat sortuko dizuet, guztiz ederra, hain ederra ere, non gaueko mamuek ikusten dutenean Eguzkia bera dela usteko baitute, eta bakean utziko zaituzte.
Eta lurrak Eguzkiaren lorea sortu zuen, Eguzki-lorea, gaur egunean oraindik gure etxeak mamu gaiztoetatik, sorginetatik, laminetatik, gaixotasun ekarleetatik, ekaitzetatik eta tximistatik babesten dituena.

Urte askotako historiaren ondoren, Carlina acaulisek ikur garrantzitsua izaten jarraitzen du penintsulako iparraldean. Izan ere, lore siku hau baserrien ate nagusian jartzen da eguneko astroaren irudi gisa eta eguzkiari esleitzen zaizkion eginkizun berdinak bete ditzan. Hau da, espiritu txarrak aldentzeko, sorginen sarrera eragozteko, gaixotasunetatik, ekaitzetatik eta tximistatik babesteko eginkizuna du.

Kardu ospetsu honen elezaharra ezagutzen zenuen? Kontaiguzu iruzkinetan ate gainean bat baduzu!

Utzi iruzkina