fbpx

Aurreko belaunaldien lana ote da abeltzaintza? Zaila al da negozio honekin jarraitzea gaur egun? Zergatik da garrantzitsua abeltzaintzako ustiategiak ondo kudeatzea? Aramaioko Eneritz Uriarte Kaiku kooperatibako abeltzainak kontatu digu nolakoa den bere bizitza sektore honetan. 38 urte dituen arren, 19 urte daramatza abeltzaintzan lanean modu profesionalean; izan ere, Ingurumen Kimikako ikasketak amaitu ondoren, familia-enpresan hasi zuen karrera profesionala, Behialden, Kaiku kooperatibak Araban duen ganadutegiko batean. 

Nola jakin zenuen abeltzaintzan aritu nahi zenuela?

Betidanik ezagutzen nuelako. Betidanik gustatu izan zaizkit natura eta ingurumena, eta, abeltzaintzan arituta, dena batu nezakeen benetan gustatzen zaidan zerbaitetan arituz. Oso lan sakrifikatua den arren –egunean 8 eta 12 ordu arteko lanaldiak baititugu–, emaitzak oso atseginak dira egunaren eta denboraldiaren arabera. Laborantzan aritzen zarela edo bazka siloratzen, edo animaliak zaintzen, nire kasuan bezala. 

Zure ustez, etorkizun ona du abeltzaintzako ustiategietako lanak? 

Sektore zaila da, baina funtsezkoa, esnea oinarrizko elikagaia baita gure dietan. Hala eta guztiz ere, gero eta zailagoa da mundu honetan lan egin nahi duten pertsonak aurkitzea. Izan ere, ia ezinezkoa da norbaitek hutsetik egitea, ez badu aurrez harremanik sektorearekin, inbertsioa behar baita lursailetan, animalietan, makinerian… Gainera, gero eta araudi, paper eta burokrazia gehiago dago, eta horrek ez du errazten jendeak lan egitea.

Horren ondorioz, ustiategi gehienak familiakoak dira; gero eta jende gutxiagok jardun nahi du modu profesionalean abeltzaintzan, eta horrek arriskuan jartzen du sektorearen etorkizuna. 

Baina, Kaikuko bazkide izateari esker, abeltzainarentzako segurtasuna eta abantailak lortu genituen, bestela ia ezinezkoa izango baitzen. Izan ere, proiektu kooperatibo honek abeltzain guztioi ematen digu aukera, kontuan hartu gabe zenbat esne ekoizten dugun edo non dagoen ustiategia.

Zein da kalitate goreneko esnea lortzeko bereizgarria?

Behien ongizateak eragiten du gehien esnearen kalitatean. Hori lehentasuna da Kaikun, eta Aenor etxeak ziurtatzen du. Azpiak garbi eta ondo zainduta edukitzea,  ez bizitzea ingurune hezean, tenperatura egokia izatea… Garbitasuna ere oso garrantzitsua da: kuboek garbi egon behar dute, eta funtsezkoa da jezteko garaian ahalik eta kontu handiena hartzea; hau da, ondo desinfektatzea behiak jetzi aurretik zein ondoren. Gainera, gure behiak modu % 100 naturalean elikatzen dira eta, aire zabalera bazkatzera ateratzen direnean, larreak txandakatzen saiatzen gara. 

Bestalde, teknologia bat sartu dugu gure ustiategian, zeinak behi guztien jarraipena egiteko aukera ematen baitigu, eta, hala, azkar antzeman ditzakegu haien beharrak, susara ote dauden eta zer ugalketa-egoera ote duten… Kontrola zorrotza da, eta zehatz ezagutzen ditugu behi bakoitzaren osasun-egoera eta ongizatea. Horri esker, gure jarduera profesionalizatzeaz gainera, gure baserrian gertatzen denaren ezagutza osoa izaten dugu denbora errealean.

Gure behien ongizatea garrantzitsua da, baina bada beste faktore bat ere. Kaikun egunero biltzen da esnea, eta oso kilometro gutxi egiten ditu ontziratze-plantaraino; horri esker, haren propietate guztiak iristen dira, eta azken produktua kalitate handikoa da.

Zer egiten duzue Behialden ingurumenaren alde?

Kaikun, jasangarritasuna funtsezko zutabea da, eta horrek esan nahi du, ingurumenari eta animalien ongizateari buruzko araudi oso zorrotzak betetzeaz gainera, lan handia egiten dugula ingurumena zaintzeko.

Abeltzaintzaren lana funtsezkoa da ingurunea ezagutzen dugun bezala gordetzeko. Izan ere, desagertuko balitz, gure lurreko zelaiak eta paisaiak ez lirateke izango gaur egun bezalakoak. Behiak bazkatzera aterako ez balira, zelaiak, basoak eta mendiak sasi kontrolaezinak izango lirateke, eta bideraezina izango litzateke inguruaren kontrola. Zelaiak zaintzeak suteak sortzeko arriskua ere murrizten du. Beraz, aire zabaleko abeltzaintza-ustiategietan, hala nola Kaikun, ongizatea lortzen dugu gure animalientzat eta inguruarentzat. 

Izan du eraginik pandemiak Behialdeko egunerokoan?

Pandemiak lan egiteko moduari eragin dio batez ere. Maskarak erabiltzeaz, eskuak maizago garbitzeaz eta segurtasun-distantzia gordetzeaz gainera, harremanak izateko modua aldatu behar izan dugu lanegunetan, elkar kutsatzea saihesteko. Helburua zen denok batera ez gaixotzea edo guztiok batera konfinatu behar ez izatea, kasu horretan inork ezingo bailituzke behiak zaindu.

Utzi iruzkina