fbpx

Gure amek beti egin dute dena guregatik: arrainen zati gustukoena hezurrak direla esatea, asteburuetan goiz altxatzea edo aholku onenak ematea gure une goibelenetan. Igandean, euren eguna da, Amaren eguna, eta bizitzan zehar egindakoa gosari berezi batekin saritzea baino hoberik al dago? 

Gaur zure ama egun berezi horretan harritzeko moduko lau errezeta proposatzen dizkizugu, prest zaude?

Txokolate tarta

Gosari txokolatedunarekin eguna has dezala! Tarta erraza eta benetan gozoa, zenari esker eguna energiarekin hasi. 

Hasteko oinarria prestatuko dugu. Horretarako, gailetak birrindu, gurin urtuarekin batu eta nahastuko dugu. Labe-papera duen molde desmoldagarri borobil baten oinarrian jarriko ditugu.

Behin prest, txokolatezko mousse-a prestatuko dugu. Lehenik, gelatina-orriak ur hotzarekin hidratatuko ditugu eta 200 ml esne-gain berotuko dugu. Bero dagoenean, gelatina-orri xukatuak disolbatuko ditugu bertan eta txokolatedun jogurtekin nahastuko ditugu. Geroko gordeko dugu.

Gainerako esne-gaina eta azukrea harrotuko ditugu eta aurreko nahasketara pixkanaka-pixkanaka gehituko ditugu mugimendu biribilak egiten. Nahasketa osoa gailetazko oinarriaren gainean jarri eta 4 bat orduz hoztuko dugu.

Apaintzeko, tarta moldetik atera eta gainazala txokolate urtuarekin estaliko dugu kontuz, oso bero egon ez dadila. Txokolate zurizko txirbilekin apainduko dugu birringailu batez lagunduta. Gozatzeko prest!

Miniopiltxoak esnearekin eta txokolatezko pipitekin

Bere haurtzaroa oroitarazten dion gosari batekin harritu nahi? Orduan, miniopiltxoak esnearekin eta txokolatezko pipitekin baino hoberik ez dago!

Hasteko opiltxoak prestatuko ditugu. Irabiatzeko moduko ontzi batean, arrautzak, oliba-olio leuna, kanabera-azukrea, arto-irina, legamia eta Kaiku Km0 Gurea jogurtak jarriko ditugu. Dena birrinduko dugu testura homogeneoa lortu arte.

Ondoren, zartagin zabal bat berotuko dugu eta oliba-olio pixka bat isuriko dugu. Bero dagoenean, orea pixkanaka-pixkanaka isuriko dugu koilara batez edo biberoi batez lagunduta eta opiltxo oso txikiak eratuko ditugu.

Burbuilak agertzean, bueltatuko ditugu gutxi gorabehera minutu batez kozinatzeko eta geroko gordeko ditugu. Prozesua errepikatuko dugu orea amaitu arte.

Gure gosaltzeko bolean isuri eta nahi beste txokolatezko pipita gehituko ditugu. Esnea berotu eta miniopiltxoen gainean isuriko dugu. Erraza, ezta? Benetan gozoak dira gainera! 

Minicroissant barrubeteak

Dudarik gabe, croissant klasiko batzuk aukera ona dira ere! Eta barrubeteak badira gainera? Inork ez die ukorik egingo!

Prestatu nahi? Orduan, hasteko, hostorea hiruki txikitan ebakiko dugu, eta croissantak egingo ditugu, zatirik zabalenetik heldu eta puntaraino bilduz. Azpil batean ipiniko ditugu, laberako paperarekin, punta gorantz dutela eta arrautza irabiatuarekin margotuko ditugu. 15 minutuz laberatuko ditugu, 200 ºC-tan, eta hozten utziko ditugu.

Barrukoa egitekoa, katilu zabal batean, mascarpone gazta eta jogurtak isuriko ditugu eta apur bat irabiatuko dugu. Era berean, laranja-birrindura eta banilla-esentzia gaineratuko ditugu, eta osorik nahastuko dugu.

Amaitzeko, croissantak erditik ebakiko ditugu, zeharretara; oinarria aurreko nahastearekin beteko dugu, eta gainarekin estaliko dugu, gosaria prest dago!

Kanela eta jengibre kaputxinoa

Gosaria kafe berezi batekin lagundu ezazu, adibidez kanela eta jengibre kaputxino honekin!

Kaputxinoarekin hasiko gara. Horretarako, kafetera italiar baten oinarrian, ura jarriko dugu eta, inbutuan kafea. Ur guztia kafeteraren goiko aldera igaro arte berotuko dugu eta gustuen dugun katiluan isuriko dugu.

Bitartean, esnea kazo batean isuri eta kanela-zotza zein jengibre zuritua gehituko ditugu. Ketan egon arte berotuko dugu eta sutik kenduko dugu. 5 minutuz egosiko dugu eta kanela zein jengibrea kenduko ditugu. Esneari krema moduko loditasuna emango diogu apar-ateratzaile baten edo hagaxka baten laguntzarekin eta kafearen gainean jarriko dugu. Mmm… Bai usain ona! 

Zure ustez, zein izango da zure amaren gustukoena? Kontaguzu iruzkinetan!

Utzi iruzkina