fbpx

«Bizkotxo egin berria dago sukaldean!» izan liteke pozik handiena ematen digun esaldietako bat etxera sartzen garenean, eta, nahiz eta errezeta sinplea izan eta hamaikatxo aldiz ikusi dugun egiten, ez dira guztiak berdinak.

Bizkotxoa ia edozer osagairekin presta dezakegu, eta ziurrenik ederra egongo da. Baina… nola lortu bizkotxo perfektua?

Hori ez da horren samurra. Labean sartu orduko, kristalari begira-begira geratzen gara, harrotzen ari ote den, hondoratu edo zartatu egin ote den… Askotan, orea arreta eta kontu handiz prestatzen dugu, baina emaitza ez da espero genuena. Bada, kito! Badakigu nola lortu bizkotxorik harroena, altuena, ederrena eta goxoena!

1. Hona hemen gure aholkuak:

Ez egin errezeta gutxi gorabehera!
Bizkotxoa egiteko erabiltzen duzun errezeta heredatua edo blog batean aurkitua baldin bada, ziurtatu neurri guztiak adierazita daudela. Huskeria dirudi, baina

funtsezkoa da errezetari zuzen jarraitzea; inoiz ere ez da gehitu behar osagai bat gutxi gorabehera edo egin ahala beste osagai batekin inprobisatu.

2. Eduki osagai guztiak tenperatura berean!

Tentuz ibili kontu honekin, oso jende gutxik hartzen baitu kontuan. Osagai guztiak giro-tenperaturan eduki behar dira ordu erdiz, bizkotxoaren orea prestatzen hasi aurretik. Hartara, elikagai batzuk ez dira besteak baino hotzagoak egongo, eta ez dute prozesu kimikoa ebakiko.

3. Ondo irabiatu arrautzak!
Funtsezkoa da urrats hori bizkotxoa harro-harro egiteko. Arrautzak asko aireztatu behar dira, hagaxkadun irabiagailu batekin edo sukalde-robot batekin, harik eta mousse baten itxuran utzi arte. Arrautzek asko irabazten dute, postrea prestatzen hasi baino minutu batzuk lehenago ateraz gero. Izan ere, askoz ere aire gehiago gordetzen dute, eta errazagoa izaten da aireztatzea.

4. Bahetu irina!
Aukeratu irin egokia; zenbat eta leunagoa, orduan eta hobea, gluten gutxiago edukiko baitu. Gomendagarria da bahetzea, oreari gehitu aurretik; izan ere, hala, aireztatu egingo dugu eta, ondorioz, bizkotxoa harroago geratuko zaigu.

5. Esnea!
Esnea da bizkotxo guztiek duten osagaietako bat –jatorrizkoek, behinik behin–. Zaporea emateaz gain, nutrienteak ere gaineratzen dizkio esneak. Baina, horrez gainera, bazenekien azkeneko osagaia izan behar duela gehitzen? Oso garrantzitsua da ez egotea ez beroegi eta ez hotzegi, beste osagai guztiekin ondo bat egiteko.

6. Moldea
Moldearen neurriak eragin handia du azken emaitzan. Onena moldearen hiru laurden betetzea da; segun eta zenbat ore daukazun, neurri bat edo bestea baliatu beharko duzu. Kontuan hartu beharreko bigarren alderdia koipeztatzea da. Berdin du gurinarekin edo olioarekin egiten duzun, baina koipeztatu egin behar da, moldetik ateratzean ez apurtzeko.

7. Berotu labea aldez aurretik!
Guztiek berotu ohi dute labea aurretik, baina, badaezpada ere, gogorarazten dugu urrats garrantzitsua dela. Horixe da egosteko denbora kontrolatzeko modu bakarra, bizkotxoa sartu ostean. Eta erdian ipiniko dugu, beroa goitik eta behetik duela, osorik ondo egin dadin.

8. Moldetik ateratzea
Bizkotxoa prest dagoenean, labetik atera eta moldean utziko dugu hamar bat minutuz, hoztu dadin. Hala, moldetik ateratzean, ez da zati bakar bat ere erantsita geratuko eta forma perfektua izango du.

Aholkuoi jarraituz, ardura bakarra izango duzu: guztiek probatzea eta jakitea zeinen ondo prestatzen dituzun bizkotxo harro-harroak. Baldin badaukazu trikimailuren bat bizkotxoa beti ederki egiten laguntzeko, irrikaz geratuko gara gure sare sozialetan gehiago jakiteko.

Azkenik, etxean bizkotxo goxo-goxo bat prestatzeko gogoz geratu baldin bazara, laranjazko bizkotxoa prestatzeko errezeta proposatzen dizugu, aholkuok praktikan ipin ditzazun.

Utzi iruzkina