fbpx

Udako oporrak niretzat, zuretzat eta guztiontzat! Aukeratu al duzu nora joango zaren eguneroko errutina aldatzera? 

Urtero, uda heltzear dagoenean, aukeratzen hasten gara nora joango garen familiarekin batera egun batzuk ematera edo zer txango dibertigarri antolatuko ditugun, giroz aldatzeko. Guk denbora daramagu jada horretan pentsatzen, hortaz, gaurkoan honako jarduera eta plan hauek proposatu nahi dizkizuegu, Euskal Herrian oporretan egon bitartean ondo pasa dezazuen:

Natura, kultura, herriak, aisia, hondartzak… konbinatu ditugu, gustu guztiak asetzeko!

Iraganetik ikasi

Enkarterrietako ingurune ederrean hamaika jarduera interesgarri egin ditzakegu, eta haietako bat Pozalaguako kobazuloa bisitatzea da; Karrantzako haranaren alde batean dago. Eraketa geologikoa da, eta barrualdean estalaktita ugari osatu dira nonahi, ordenarik gabe. Horrez gain, beste eraketa geologiko batzuk ere ikusiko dituzu, hala nola estalagmitak, zutabeak eta koladak. Sekretuz beteriko leize batetik ibiliko zara, eta naturak berak sortu dituen itxuraketa interesgarriak ezagutuko dituzu. Haurrak eta helduak harrituta geratuko dira, filmetan agertzen diren leize horietako batean daudela ikusita. Liluragarria da benetan! 

 

Datu historiko gutxi batzuk

Berez jakin-min handia baduzue, eta gauzak nondik datozen edo nola eratu diren jakitea gustatzen bazaizue, Araban naturaren altxor berezi bat duzue, alegia, Añanako Gatz Harana. Harana bisitatu bitartean, milaka terrazaz osatutako arkitektura erakutsiko dizuete, eta gatza bertatik nola lortu eta helmugara eramateko prozesua nolakoa den azalduko. Hori guztia dinamismo handiz egiten dute. Gainera, gatzagaren sarreran spa natural bat osatu da, beraz, han izango duzue eguna amaitzeko aukera paregabea! Horrela zuk zeuk egiaztatuko dituzu ur horietako propietateak.

 

Magia eta dibertimendua basoan zehar

Natura eta dibertimendua, biak batera? Euskal Herrian, bai. Bi aukera azalduko dizkizuegu. 

Bata Omako basoa da. Oso ezaguna da, eta bisitari ugari etortzen dira arboletan egindako artelana ikustera. Artelan horretan 47 kontzeptu irudikatu dira arbola batzuetan, eta arbola guztiek osatzen duten argazkiak arbola bakoitzeko artelanari ematen dio esanahia. Leku magikoa da, eta haurrei izugarri gustatuko zaie. Landare-ingurune hori puzzle bat bezalakoa da, eta aukera emango dizue elkarrekin jolasteko eta imajinatzeko. 

Bestalde, Bertizko Jaurerriko Natur Parkea ere oso gomendagarria da. Oieregin dago, Nafarroako Pirinioetan. Arbola mota asko daude, eta labirinto naturala osatzen dute, beraz, hara doazen guztiak sorgintzen ditu, gehiago jakin nahi dutelako! Baso hori jabetza pribatukoa izan zen urte askoan, eta hori gako izan da oso-osorik kontserba dadin. Bisita ondo prestatzeko, iristean harrera-etxolara joatea gomendatzen dizugu: ibilbidea; parkearen eta lorategiaren historia; fauna eta flora ugariak; eta basoan ezkutatu diren eraikinak non dauden azalduko dizkizute. Irten aurretik, ziurtatu begiratokira joan zarela. Japoniar pagodetatik hartu zen inspirazioa, eta handik Bidasoa ibaia ikusten da.

 

Beste era batean bidaiatzea 

Ipar Euskal Herrian beste garai bateko tren bat ezkutatzen da. Bilduma-trena da, eta mendian zehar egiten du aurrera, Azkaine udalerritik Sara udalerrira. Larruneko trenean (La Rhune, frantsesez) beste era batean bidaia dezakezu Euskal Herritik, eta bista harrigarriak ikusiko dituzu. Paisaia paregabeak, egurrezko trenak eta Larrungo gailurrak azken urteotan ezinbesteko bihurtu dute natura-ingurune hori bisitatzea, handik gertu egonez gero.

Bizkaian beste aukera polit bat dugu: Hegaluze enpresaren itsasontzi-ibilaldien bidez zeharkatzea Bizkaiko kostaldea. Enpresa hori espezializatuta dago ingurunetako leku ederrenak itsasotik erakusten. Ibilaldiak antolatzen ditu kostaldeko hainbat helmugatara joateko. Helmuga ezagunenetako bat Gaztelugatxeko Doniene da. Han dugu gure itsas abentura amaitzeko gune magiko bat. Elantxobera doan ibilaldian Mundaka eta Bermeo herriak ere bisitatzen dira, eta hiru herri horiek natura-altxorrez beterik daude. Anima zaitez! Goazen denok itsasontzira!

 

Eta, orain, esaguzu, plan horietako bat antolatzera animatu zaitugu?

Utzi iruzkina