fbpx

Euskal pilotaren jatorria

Euskal pilotaz jardutean, tradizioaz ari gara. Oso erroturik dago eskualde askotako kulturan, batez ere Euskadin, Nafarroan eta Errioxan, eta aspaldi-aspalditik datorren tradizioa da.

Pilota joko unibertsala da, eta, historian zehar, zibilizazio batek baino gehiagok praktikatu dituzte hainbat pilota-joko. Horretarako, gailu mugikor biribil bat baino ez zen behar, izan larruz egina, hariz eta trapuz, edo zereal-alez betea. «Pilota» horrekin, indibidualki lehiatzen ziren, eta jokoak dibertimendua eta desafio pertsonala ekartzen zituen.

Pilota greziarren eta erromatarren garaian ere jokatzen zen, kontinente guztietan, eta bilakatzen-bilakatzen joan da, gaur ezagutzen dugun kiroleraino. Euskaldunek beste zibilizazio batzuen ekarpena gordetzen jakin dute, eta hainbat aldaketa eta material gaineratu dituzte.

Historiak onartzen duenez, erromanizazioarekin ezarri zen pilota Europan. Frantzia izan zen aitzindari, Jeu de Paume izenarekin: herrietako zelai eta plazetan jokatzen zuten, eta paume izena gorde zuen (esku-barrua). Joko hartan, burgesek eta aristokraziako kideek eskularruak eta erraketak baliatzen zituzten. XII. eta XIV. mendeetan, Frantzia osoan zabaldu zen Jeu de Paume hura.

XVIII. mendean, Frantziako Iraultzaren garaian, desagertuko da Europako pilota Frantzian, Italian eta Ingalaterran; ohitura finagoen aldeko hautua egingo dute, eta, hala, pilotak interesa galduko du. Jeu de Paume hark berebiziko gainbehera izango du. Alabaina, pilota-jokoa bizitzeko modua da Euskal Herrian.

Euskal pilotaren elementurik bereizgarrienak, Euskal Herritik kanpora baliatzen ez zirenak, bi dira: batetik, pilota mota (handia, astuna eta zakarra), eta, bestetik, eskularruak, larruz fabrikatuak.

XIX. mendearen azken hamarkadan irmotu ziren pilotaren modalitate ordezkagarrienak: eskuzkoa, pala, erremontea eta zesta-punta. Modalitate horiek munduko bazter gehienetara zabalduko dira. Amerika izango da euskaldunok gaur egun ezagutzen dugun pilota-jokoaren kontinente hartzailea.

Egun, joko tradizional izateari utzi eta erabateko kirol bilakatu da, antolaketa-egitura zabalarekin. Lehendabiziko urratsa 1929an egin zuten, Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioa sortu zutenean.

Eta, jakina, ez dago pilotarik pilotaririk gabe; abiadura eta erritmo handiz jokatzen dute, ikus-entzuleek gozatzeko. Orain hainbat urte, erraza zen ezagutzea, pilotari-uniforme zuri-zuriarekin. Uniforme hori aldatzen joan da, eta, alpargatak alboratu, eta kirola egiteko oinetako aproposak baliatzen dira. Mahuka laburreko alkandora erabili ordez, kamiseta estu bat baliatzen dute, urdina edo gorria, dagozkien pilota-enpresekin edo babesletzekin.

Pilotalekuak ere aldatzen joan dira; gaur egun ez dira zuriak, baizik eta berdeak. Pilota bera ere aldatu da: gaur egun zuriak dira.

Joko honetan tradizioak bat egiten du kirolarekin, kulturarekin eta historiarekin Nafarroan eta Euskadin, baita Errioxako hainbat tokitan ere. Baina, batez ere, txiki-txikitatik datorren joko bat da, pilotalekuan aita edo aitona adi-adi begira direla. Eta zu, gogoratzen zara lehendabiziko pilotaz? Kontatu iruzkin batean!

Leave a Reply