fbpx

Gure basoak udaberrian

Udaberria da, askoren ustez, urte-sasoirik ederrena, arrazoi asko direla eta. Besteak beste, tenperaturak epeltzen direlako, uda gerturatzen ikusten dugulako –eta, horrekin, eskolako oporrak–, edo hilabete horietan landare eta zuhaitz ugarik loreak ematen dituztelako, gure lorategiak eta basoak koloreztatuz. Guztiok maite dugu udaberria!

Hartaz gozatzeko, nahikoa da gure basoetara irtetea eta paseo eder bat ematea, edo haietan ditugun ibilbideetan barrena joatea, dela lagunekin, familiarekin edo bikotekidearekin! Gure toki sekretuak kontatuko dizkizuegu, zuk ere haietan gozatzeko aukera izan dezazun!

Otzarretako pagadia, Zeanuri udalerrian dago, Bizkaian. Toki magikoa da, eta ahoa bete hortz utziko zaitu. Ehun urteko pagoek eta bertako ibai bihurgunetsuak irudi bakarra eskaintzen dute; izan ere, pagadi hori naturagune aparta da. Inolako zalantzarik gabe, Euskal Herriko toki deigarrienetako bat dugu, argazki gehien ateratzen diren tokietako bat. Zeren zain zaude ezagutzeko?

Nafarroaren iparraldean, Iratiko oihana daukagu, Europa osoko pago eta izei gehien dituen basoetako bat. Udaberrian eta udazkenean ikusi ahal izango dituzu kolorerik zoragarrienak. Horrez gain, oinez, korrika edo bizikletan gozatu ahalko dituzu bertako bazterrak. Hegaztizaleentzat, berriz, Iratiko oihana hegaztiak babesteko gune berezi gisa dago aitortuta. Ez ezazu galdu!

Urkiolako parke naturala, Abadiño udalerrian, Bizkaian. Haren ezaugarri nagusia berebiziko landaredia da: 3.200 hektarea baino gehiago. A zer nolako koloreak ikusten diren bertan… Filmetan bezalakoxeak! Parke hori kareharrizko barrera handi batek osatzen du, eta, paisaia malkartsuak gustuko badituzu, hauxe da zurea! Hango mendizerrak, amildegiak eta haran sakonak toki paregabea dira mendizaleentzat eta mendi-ibiliak gustuko dituztenentzat.

Gure baso eta parke naturalak apur bat gerturatu ondoren, animatzen zara zure lagunik onenekin edo senitartekoekin elkartu eta egun zoragarri bat pasatzera? Kontatu sare sozialetan zein den zure basorik gogokoena, guztiok udaberri honetan gozatu ahal izan dezagun!

Leave a Reply