fbpx

Euskal Herria bisitatzea edozein urtarotan aukera ezin hobea da, beraz, pentsa nolakoa izan behar duen jaietan. EAEko hiriburuetako jaiak abuztuan ospatzen dira. Abuztuaren 4an Gasteizko txupinazoak ematen die hasiera, eta hilaren 25ean Bilbon amaitzen dira. Hortaz, ez duzu zertan aukeratu aste nagusi bat, guztietara joan zaitezke eta. 

 

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak (abuztuaren 4tik 10era)

 

Arabako hiriburuko jaiak ezagutu nahi badituzu, ezinbestean joan behar duzu txupinazora; jai horietako unerik hunkigarrien eta zirraragarrienetako bat da, hain zuzen ere. Zeledonek, hots, Arabako baserritar itxurazko panpina batek, euritakoa eskuetan duela, Ama Zuriaren plaza zeharkatzen du, polea-sistema baten bitartez. Panpinaren ibilaldia udaleko balkoian amaitzen da, eta han gizaki bihurtzen da milaka ikus-entzuleren aurrean.

 

Giro ederreko sei egun dira, eta programan gustu guztien araberako kontzertuak eskaintzen dira. Nabarmentzekoa da jazzaldia, baina, horrez gain, badaude folk-musika entzuteko esparruak ere, musika alternatiboagoa zabaltzen duten txosnekin batera. Aste ezin aproposagoa da gastronomiaz, su artifizialez, barrika-lasterketez eta txikiekin jolastera kalera irteten diren erraldoi eta buruhandiez gozatzeko, baita beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzeko. 

 

Astebeteko jaiak hilaren 10eko goizaldean amaitzen dira, zehazki, Zeledon, su artifizialez inguratuta, San Migeleko kanpandorrera itzultzen denean. 

 

Donostiako Aste Nagusia (abuztuaren 10etik 17ra)

 

Gasteizko jaiak amaitu eta ia indarberritzeko astirik gabe, Donostiako Aste Nagusia hasiko da, ohiko kanoikada Alderdi Ederretik bota bezain laster. Han bildutako guztiek Artillero abestia kantatzeari ekiten diote, eta, horrekin batera, hiria hasten da eraldatzen. Une oso berezia izaten da, eta bertan sortzen den magia paregabea da, lehenengo aldiz edo urtero ikusita ere. 

 

Gipuzkoako hiriburuko jaietan nabarmentzekoa da su artifizialen nazioarteko txapelketa: gauero su artifizialak botatzen dira Kontxako badiatik, eta nazioarteko hainbat lekutatik etorritako pirotekniaren sormenak eta dotoreziak harritzen dituzte bertan bildutako pertsona guztiak. Ogitarteko edo izozki bat eta toalla edo hamaka bat baino ez dituzu behar, donostiarrekin batera une horretaz gozatzeko. 

 

Aste Nagusi horretan ospea handia duen beste ekitaldi bat Getariatik Donostiarainoko igerialdia da. Eta, horrez gain, zaldi-lasterketak, hondartzako boleibol-txapelketa eta, jakina, txikiek eta helduek atsegin dituzten herri-kirolak ere antolatzen dira. 

 

Txikienek jardueraz beteriko astebete zoragarria izaten dute. Denetarik dago: lantegiak, buruhandiak, erraldoiak, su-zezenak, jolasak, musika… Familian gozatzeko jaiak dira!

 

Bilboko Aste Nagusia (abuztuaren 17tik 25era)

 

Eta festaz festa ibiltzeko hilabete horren amaieran zer eta Bizkaiko hiriburuko jaiak ditugu. Duela urte batzuk inork ez zuen imajinatuko Bilboko jaietara hainbeste bisitari etorri eta hainbat ekitaldi antolatuko zirela; baina, azken urteotan, ordea, Bilboko jaiak modan daude, eta hiria guztiz eraldatzen da egun horietan. 

 

Txupinazoa emakume batek botatzen du beti, soineko tradizionalez jantzita, eta festaz gozatzera animatzen ditu han biltzen direnak. Pregoia irakurri ondoren, unerik desiragarriena heltzen da: Marijaiaren etorrera! Besoak gora, Marijaia Arriaga antzokiko balkoira iritsi orduko, jendea pozez lehertzen da. Marijaia panpina bat da, Bilboko jaietako ikurra. 

 

Koadriletan dugu egun horietan hirian sortzen den giro onaren sekretua. Haiek edertzen dituzte Nerbioi itsasadarraren ondoko txosnak, eta txosnen ondoko eremuan sortzen dute dantzatzeko, musika entzuteko eta euskal gastronomiaz gozatzeko gune paregabea. Festa kalean bertan dago!

 

Eta, jakina, askotariko pintxoak, kontzertuak eta kalejirak ere topatuko dituzu. Kirola ere antolatzen da: esaterako, maila handiko pilotarien arteko txapelketa egiten da. 

 

Azken egunean, Marijaia antzokiko plazaren erdian erretzen da. Horrek adierazten du urte horretako jaiak amaitu direla, baina hurrengo urtean Marijaia ikusiko dugu berriro, balkoitik agurtuz. 

 

Eta… hori guztia jakin eta gero, erabakia hartu duzu jada? Zeu ere jaietara joango zara, ezta? Ba, besoak gora eta goazen dantzatzera!

Utzi iruzkina