Mende bat bete da lehen Behobia-Donostia egin zenetik. Ehun urte horietan, hainbat etenaldi izan baditu ere, Espainia osoko lasterketa ezagunenetako bat bilakatu da.
1919an, hogei bat korrikalari abiatu ziren lehendabizikoz, eta harrezkero bizirik jarraitzen du, aldaketa batzuk izan baditu ere. Juan Muguerza izan zen lehendabiziko edizio hartako txapelduna: ordu 1, 17 minutu eta 50 segundo behar izan zituen. Saria? Bost dolarreko urrezko txanpon bat, Andrés Peña bankariak emana. A zer nolako aldaketa izan duten garaiek!
Behobia-Donostiaren lehendabiziko urteetatik, hainbat atzerritarrek parte hartu zuten lasterketan. Zehazki, 1920ko edizioan, Dalière frantziarra izan zen helmugara iristen lehena. Harrezkero, nazionalitate desberdineko korrikalariak ugaritzen joan dira, edizioz edizio.
Lehendabiziko aro horretako azken edizioa 1926koa izan zen. Zortzi urtez jarraian, lasterketa izena irabazten joan zen, antolatzaileek Euskal Herritik kanpoko parte-hartzaileak erakartzeko egin zuten lanari esker. Korrikalari olinpiarrak ere izan dira Behobia-Donostian, hala nola Dionisio Carreras, 1926ko Olinpiar Jokoetako parte-hartzailea. Urte hartan amaitu zen Behobia-Donostiaren lehendabiziko etapa, eta handik hamar urtera egin zen berriro ere.
1936an bueltatu zen lasterketa, baina errelebo-modalitatean, lauko taldeetan. Zoritxarrez, urte hartan izandako kolpeak eta Gerra Zibilak (1936-1939) eten egin zuten lasterketa. 1941ean, beste edizio bat egin zuten, taldeka hura ere. 1942 eta 1949 bitartean, ez zen lasterketarik izan. Ondoren, Athlétique Municipal de Bordeaux klub frantziarraren partaidetzarekin, garaipenarekin eta errekor berriarekin etorri zen: ordu 1, 5 minutu eta 32 segundo. Lasterketa 1951ra arte geratu egin zen berriro ere, eta beste etenaldi bat izan zuen 1963ra bitartean.
1979 izan zen, zalantzarik gabe, Behobia-Donostiaren historiako mugarria. Urte hartan, memorian galduta geratu zen lasterketa berreskuratzea proposatu zen berriro ere. Urte hartatik aurrera, antolaketan egindako hobekuntzek eta aurrerapen teknologikoek arrakasta eman zioten lasterketari.
Bada arreta berezia merezi duten lasterkariak, hala nola Rocío Ríos –emakumezkoen errekorra, ordu 1, 8 minutu eta 54 segundo– eta Maria Luisa Irizar, Behobia-Donostiako erregina, zazpi aldiz lasterketako garaile. Inolako zalantzarik gabe, emakumezkoen partaidetza areagotu egin da azkeneko urteetan, eta edizio honetan partaidetzaren % 26 lortu du ia.
Izan ere, Behobia-Donostia urtetik urtera parte-hartzaile gehiago elkartzen dituen gertaera sozial bilakatu da. Asko aldatu da azkeneko 100 urteetan, baina, zalantzarik gabe, batzen duen lasterketa bilakatu da, guztiei irekia. Lortuko ote dugu 2019ko edizio honetan 40.000 korrikalari baino gehiago izatea? Kaiku Km0-k ez du galduko aurtengo edizioa, eta zuk? Egin bat erronkarekin, eta ez izan dudarik zure esperientzia sare sozialetan kontatzeko!