Baduzu planik aurtengo Halloween jaietarako? Oraindik ere ez baldin baduzu pentsatu urteko astebururik beldurgarriena non igaro, Zugarramurdiko leizeek ezkutatzen dituzten misterioak eta bitxikeriak kontatuko dizkizugu.
Aukera oso erosoa da, etxetik gertu baitaukagu. Zugarramurdi, sorginen herria, Nafarroa iparraldean dago, Frantziako mugatik gertu. Eta herriaren kanpoaldean, nahitaez bisitatu beharreko leizeak topatuko dituzu, egiazko % 100 Halloween esperientzia bizi nahi baduzu.
Diotenez, leizeotan sorginak bizi ziren eta akelarreak antolatzen zituzten; hori dela eta, toki apartekoa da txikiekin eta ez horren txikiekin irudikatzeko zer-nola prestatzen zituzten sorginek beren edabeak eta errituak, zer tokitan egiten zituzten deabrua mahaiburu zuten banketeak… Mundu magiko horrekin lotutako hamaikatxo istorio.
Kontua ez da beldurra pasatzea, leizean ez baitago estalaktitarik edota labar arterik… Baina parajearen edertasunak gure irudimena aske uzten du. Baliteke leize horietan gertatutako guztia kondaira hutsa izatea, baina sinets iezaguzu, barruan egonik eta lehen pertsonan entzunik, liluratuta geratuko zara halako toki bereziarekin.
Onen-onena, eta bereziki Halloween gaua izanik, leizeak iluntze-partean bisitatzea da; izan ere, argia ilunagoa da, eta sorginen ipuin batean egotearen sentsazioa areagotzen du. Barruan, ibilbide-gida bat dago batetik bestera ibiltzeko, eta hainbat puntutan azaltzen da zer-nola elkartzen ziren leizeotara joaten ziren gizon-emakumeen bilerak, zer-nolako dantzak egiten zituzten… Sekulako abentura.
Eta lasai-lasai joaten baldin bazarete, presarik gabe, ez konformatu leizeekin bakarrik. Merezi du inguruko paraje naturala ezagutzea ere! Leizeen alboan, begiratoki bat dago, Zugarramurdi herri osoa ikusteko. Ezin duzue galdu, inguru horri buruzko guztia ezagutzeko.
Halaber, hainbat bide daude: ibaiaren ibilgua zeharkatzen duten pasabideak, ibai-ertzetik barrena ibilbide bat eginez, harik eta Leize Handira iritsi arte.
Pentsa dezakezuen moduan, Zugarramurdiko leizeak ez daude lurpean, eta kanpo-barrunbe handiak dira, urak kareharritan egindako higadurak sorraraziak. Handiena 120 metro luze da, galtzeko modukoa!
Akelarrearen leizea, berriz, Leize Handiaren goiko galeria da egiaz. Helburua zera da, kobaren barruan zaudenean edo inguruak miatzen ari zarenean, haietan ezkutatzen den guztia ezagutzen saiatzea.
Animatu eta ezagutu sorginen ezkutaleku hau, aurtengo egunik beldurgarriena bestelakoa eta autentikoa izan dadin.