Bertantxe ditugu ia inauteriak. Prest al daukazu dena? Festa aparta da horrenbeste nahi zenuen mozorro hori soinean ipintzeko. Pentsatuta al daukazu ia?
Gure herrian ere, izugarri gustatzen zaigu inauteriak ospatzea, eta nabari da, gainera! Euskal Herriko txoko ugaritan, gogotik ospatzen dira inauteriak, eta mundu guztia inplikatzen da guztia bikain irten dadin. Ezagutzen dituzu gure herrietako inauterietan topa ditzakegun pertsonaiarik tipikoenak?
Festaren jatorria aldatu egiten da toki batetik bestera; paganoen jaitzat jotzen da, eta usterik ohikoena zera da, pobrezia-garaietan zen beharrizanetik sortua dela. Jakin nahi duzu zein diren gure herri eta hiri batzuetako inauterien ezaugarri tipikoenak?
TOLOSA
Tolosako inauteriak Euskal Herri osoko garrantzitsuenetakoak dira; sei egunez izaten dira, eta, besteak beste, zezenak eta bigantxak eta karrozen kabalgata izaten dituzte, baita sardinaren hileta ospetsua ere, inauteriaren amaiera ekartzen duena.
LAUDIO
Inauteri-jaietan zehar, Laudioko pertsonaiarik esanguratsuena Leziagako sorgina da, zalantzarik gabe. Kondairak dioenez, leize batean bizi zen emakumea zen, eta artzainak erakartzen zituen bere kantuekin. Desfilearen amaieran, sorgina kondenatu eta sutan hiltzen dute.
ALTSASU
Inolako zalantzarik gabe, Momorrotxo da Altsasuko inauterietako pertsonaiarik sonatuena. Sekulako adarrak ditu buruan, ardi-larruz jantzita, sardea eskuan eta odol-arrastoak kamiseta zuriaren gainean. Ez dago oso argi zein den haren jatorria, baina kontu bat jakina da: inauterietako pertsonaiarik oldarkor eta beldurgarrienetako bat da. Pertsonaia mitologiko gehiago ere izaten dira Altsasuko inauterietan, hala nola mamuak eta sorginak, baita Luzifer ere, akelarrea gidatzen duen akerra. Ez al da beldurgarria?
BAZTAN
Baztan haranean, haurrak dira inauterietako protagonista. Jatorrizko ospakizunaren ezaugarria zera zen, oilar bat harrapatzea makila batekin eta begiak bendatuta. Ondoren, haurrak etxez etxe ibiltzen dira jaki bila, eta, ondoren, guztiek batera prestatzen dituzte euren familiekin.
Ezagutzen duzu inauterietako beste ospakizun harrigarriren bat? Hemen, Euskal Herrian, izugarri ospatzen dugu, eta ziur utzi dugula aipatu gabe ezagutzen duzunen bat. Animatu eta kontatu!