fbpx

Euskal Herrikoa bazara, ekitaldiren batean, zuzenean edo telebistan aurreskua ikusteko aukera izan duzu. Baina, badakizu nola sortu zen euskal dantza ezagun hau eta zertan datzan?

Aurreskua dantza herrikoia da, omenaldi edo erreberentzia gisa dantzatzen dena, pertsona garrantzitsuen aurrean, ekitaldi publikoetan, inaugurazioetan edo ezkontzetan. Euskal Herriko kultura ekitaldi tradizional ezagunenetako bat bihurtu da, hemengo nahiz kanpoko pertsonentzat.

Aurreskua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, dantzari batek edo bik egiten dute, txistulari batek esku batekin txistua eta, bestearekin, danbolina jotzen dituen bitartean. Aurreskularia jantzi tradizionalekin jantzita egoten da: alkandora, galtzak, espartin beltzak, gerriko berdea eta txapel beltza.

Pausoak, jatorrian inprobisatu egiten ziren arren, finkatu eta konplikatu egin ziren; hori dela eta, ikasi egin behar da, dantzatu ahal izateko. Gaur egun lau zatiz osatuta dago: Aurrez aurre, Esku aldatzea, Zortzikoa eta Agurra.

Gaur egun banakako dantza den arren, jatorrian ez zen hala, soka dantza gisa hasi baitzen. Korroan dantzatzen zen, oro har, gizonek bakarrik, elkarri eskua emanda edo zapiei eutsiz eta “soka” bat osatuz.

Zenbait dantza-pausoz osatuta zegoen eta garrantzi berezia zuten. Lehen dantzariari aurresku deitzen zitzaion (aurreko esku) eta azken dantzariari, atzesku (atzeko esku). Tradizioaren arabera, bi dantzariek itzuli bat eman behar zuten plazan, txapelak eskuan zituztela. Aurreskua protagonista zen eta, horregatik, lehen dantza egiten zuen.

Horren atzetik, aurreskua eta atzeskua plazaren erdian jartzen ziren eta aurrez aurre egiten zuten dantza (Aurrez aurre), desafio gisa ere ezaguna. Hurrengo fasean, ilarako bi edo lau dantzari emakume bat aukeratzera irteten ziren, normalean, herrian garrantzitsua zena, aurreskulariaren bikote izan zedin. Amaitu ondoren, zeremonia osoa errepikatzen zen atzeskuarekin; harentzako ere emakume bat aukeratzen zen.

Urteen poderioz, soka dantzaren zatiak desagertu egin ziren, gaur egun ezagutzen dugun banakako dantza izan arte.

Ezagutzen al zenuen dantza tradizional honen historia? Kontaiguzu komentarioetan.